martes, 15 de mayo de 2007

ALBERTO, BIZITZA BERRIARI EKITEN

«Helburu zailak lortzeko erotasun puntu bat behar da mendian»



Euskal mendizalerik aipagarrienetakoa da Alberto Iñurrategi atxabaltarra. 2000. urtean bizitzako kolperik gogorrena jaso zuen bere anaia Felix mendian hil zenean, baina horrek agian indar gehiago eman zion mendian jarraitzeko. 2002ko maiatzean zortzi milako bere hamalaugarren tontorra igotzea erdietsi zuen; «pisu hori gainetik kendu nuenetik askatasun gehiago dut mendian ibiltzeko».


ELKARRIZKETA


– Nola diren gauzak. Zortzi milako mendiren bat egin ez duzunetik, Alberto Iñurrategiren izena ez da hainbeste entzun hedabideetan. Badirudi zortzi milakoak eginez bakarrik lortzen dela jendearen eta komunikabideen ahotan egotea. Hala al da?

– Horrek ez nau ustekabean harrapatu, baina hamalau zortzimilakoak egin ondoren ere Cho Oyun izan nintzen, eta iaz zortzi mila metrotatik gertu dauden bi menditan izan nintzen... Baina, egia da hedabideetan ez dutela zortzi milakoen pisu hori. Horrek, hala ere, mendian ibiltzeko bestelako patxada eta askatasuna ematen du, presio gutxiago duzu, eta mendiarekin gehiago gozatzea dakar azken batean.

– Eta mendia zuk bezala maite duen batentzat ez al da etsigarria hori guztia?

– Zoritxarrez, zortzi milakoa izan edo ez, ez dira behar bezala baloratzen mendiko lorpenak. Finean, hemen garrantzitsua ez da zer, zergatik eta nola egiten duzun, baizik eta besteek zer ulertzen duten egiten duzun horretatik; hori besterik ez da hartzen kontuan. Baina hori dena nik neuk behintzat gaindituta dut.

– 2002an falta zitzaizun azken zortzi milako tontorra, hamalaugarrena, egin zenuenean, libreago sentitu al zinen?

– Pisua gainetik kentzen nuela sentitu nuen, eta zama hori gainetik kentzea gaur egun ikaragarri estimatzen dut. Askatasun gehiago dut orain, eta horren adibide da, hain zuzen, zortzi mila metro baino gutxiagoko bi mendi igotzen saiatu nintzela iaz. Hori mendizale batentzat sekulako luxua da.

– Mundu hau ezagutzen ez duenak pentsa dezake gero eta gorago igo gero eta zailagoa dela mendia. Hala al da?

– Egin dituen zortzi milakoen arabera baloratzen da mendizalea, eta betiere altuerarekin lotzen da duen maila. Hala pentsatzen duena, ordea, oker dago zeharo. Patagonian, Alaskan, Alpeetan eta Pirinioetan bertan ere, 3.000 edo 4.000 metroko mendi asko dago, eta horietako askok bide zailak dituzte. Zortzi milakoak igotzea egin daitekeen gauzarik zailena dela pentsatzen duenak ezagutza falta handia du.

– Zein da munduko tontorrik zailena?

– Tontorrak ezin dira era horretan sailkatu. Mendiak baino gehiago, mendi horrek dituen bideak dira zailtasuna dutenak, ez mendiak berak.

– Euskal alpinista asko dago batean eta bestean. Euskal mendizaleak al dira onenak alpinismoan?

– Hori da euskal zale askok uste dutena; hau da, zortzi milakoak urtez urte pilatzen ari garen bezala, mendizaleen maila handia dugula nazioartean. Nik esango nuke bigarren mailako mendizaleak garela. Beti izan da horrela, eta gaur egun ere hala da. Ezin da alderatu euskaldunok zortzi milako mendietan egiten ari garena eta Himalaian, ingelesak, eslovakiarrak, errusiarrak edo estatubatuarrak egiten ari direna.

–Zergatik erakartzen gaitu, ordea, hainbeste mendiak?

– Mendian bizi ditugun zirrarengatik. Egia da, halaber, euskal orografiak asko laguntzen digula, mendiak esku-eskura ditugulako. Bestalde, Euskal Herrian mendiaren inguruko tradizio handia dago, eta sentsibilitate berezia ere badago mendiarekiko. Oso txikitatik, gurasoek eta eskolek mendirako joera sartzen digute euskaldunoi.

– Jende askok pentsatzen du ero samarrak zaudetela alpinistak. Erotasun puntu bat behar al da tontor garaienetan eta bide zailenetan aritzeko?

– Helburu zailak betetzeko erotasun puntu txiki bat beharrezkoa da. Hala ere, mendian gozatzeko ez da zertan erotuta egon behar. Egun bizimodu normaltzat jotzen bada astean zehar lan egin eta asteburuan merkatalgune handi batera joatea edo futbol partida bat ikustea, horrekin alderatzen badugu, egia da mendizalea ero samarra dela; aisialdian sufritzen ibiltzeko, hotza pasatzeko... Baina erotasun puntu ‘sanoa’ da hori.

– Gure Himalaia pelikula eskaintzen ari zara orain batetik bestera. Zer ikus daiteke bertan?

– Mendiaren inguruko hainbat gogoeten proiekzioa da, eta gogoeta horiek egiteko 1990tik 1998ra Himalaian bizitako espedizioetan oinarritzen gara; gogoetak mendiarekiko, bizitzarekiko eta baita Himalaiako herriarekiko ere.

– Hire Himalaia pelikularen jarraipena al da?

– Osagarria. Hire Himalaiak 1998tik aurrerako espedizioak kontatzen zituen, baina emozio-karga handia zuen, sentimentala, anaiari egindako omenaldia zelako. Gure Himalaiak, berriz, beste karga bat du, autokritikoagoa eta atzera begira egiten den gogoeta sakona da.

– Proiekturik ba al duzu buruan?

– Ekaina hasieran Pakistan aldera jotzeko asmoa dugu 7.300 metroko tontor bat egiteko.

– Espedizio komertzialetan gidari gisa ikusten al duzu zeure burua?

– Hasiera batean ez behintzat. Horrek ez du esan nahi, ordea, etorkizunean ez dudanik halakorik egingo edo ez dudanik beste era batera ikusiko. Orain mendia gozatzeko eta ondo pasatzeko nahi dut. Azken urteotan nire ogibidea ere bihurtu da, baina sekula ez beste mendizale batzuen buru izanda.

– Entzun eta irakurri dugunagatik, badirudi gaur egun diruarekin edonork igo dezakeela zortzi milako bat edo Everest bera. Horrela al da?

– Gaur egun hala gertatzen da. Everest edo beste edozein zortzi milako igotzea eros daitekeen pakete baten barruan dago, baina horrek ez nau harritzen. Hemen eskuak berehala burura botatzen ditugu, baina bilakaera baten emaitza da dena. Tristeena da oraindik igoera horiei horrenbesteko garrantzia ematen jarraitzea. Hori ez da bidezkoa, baina bakoitza libre da gauzak nahi dituen edo ahal dituen moduan egiteko. Hori bai, gauza horiek nola kontatzen diren, horri neurria hartu beharra dago, eta zentzu horretan oraindik ez diogu behar den arretarik jartzen.

– Zer nolako aholkuak emango zenizkieke zu bezala alpinismoaren munduan sartu nahi duten gazteei?

– Probatzeko, azken batean zaletasuna probatuz sortzen baita, eta nire esperientzia oso positiboki baloratzen dut. Mendiak ikaragarri eman dit, oso kirol ederra eta osasuntsua da. Bere arriskuak ditu, baina mendiko abentura arriskurik gabe bizitzea zaila da, abentura puntu hori bizitzea.

– Fisikoki ezaugarri jakinik behar al da honetan aritzeko?

– Ez. Norberak duen gorpuzkera eta sasoi puntuaren arabera, bere neurriko helburuak jarri behar ditu. Hortik aurrera, edonoren esku dagoen zerbait da.


No hay comentarios: