miércoles, 16 de mayo de 2007

EUSKAL ESPEDIZIOAK


"Oinak Izarretan" ETBren saioko taldea Txo Oiura doa neguan, Iñurrategiren mendi garaienetarako itzuleran
2002/11/03

Astelehenean irtengo dira, eta Aretxabaletako mendizalea zortzimila metroko mendietara itzuliko da, munduko 14 tontor garaienak zapaldu eta gero. Oraingoan Jon Beloki izango du laguntzaile.
Alberto Iñurrategi eta Jon Beloki Txo Oiu 8.021 metroko mendira doaz datorren astelehenean, azaroaren 4an, neguaren gogorrean gailurra lortzeko asmoz. "Oinak izarretan" ETBren dokumental sailaren atal berriak egiteko balioko du espedizioak, BBK eta Euskaltelen babespean. Aretxabaletako mendizalea zortzimilakoetara itzuliko da, munduko 14 tontor garaienak jo eta gero.
Oraingo honetan, Albertorekin batera Jon Beloki joango da mendira. Biek azaldu dituzte espedizioaren nondik norakoak, ETB, BBK eta Euskalteleko ordezkariekin batera.
Zortzimila metroko mendi bati neguan ekiteak xarma du mendizaleentzat.
Bakardadea, hotza eta haizea dira lagun bakarrak garai hauetan. Izan ere, udaberrian, mundu osoko espedizioak elkartzen dira zelai nagusietan, eta askotan elkarlanean aritzen dira bidea prestatu eta guztien egin beharrekoak samurtzeko.
Orain, berriz, ondo baino hobeto dakite inork ez diela lagunduko, eta zailtasunak euren kabuz gainditu beharko dituztela.
Bestalde, mendiarekiko errespetua ere areagotzen da bakardadearekin.
Txo Oiu mendia Tibet eta Nepal arteko mugan dago, eta ez dauka zailtasun berezirik ohiko bidetik igo ezkero. Neguan saiatzeak, ordea, haizea eta hotza ekarriko die espedizioko kideei. Ibilbidea gorabehera, ekinaldi zaila izango dute.
Alberto Iñurrategik 1995.eko irailaren 13an lortu zuen Txo Oiuren gailurra, Felix anaiarekin batera. Neguko esperientziari dagokionez, ez da lehenengo saiakera izango aretxabaletarrarentzat. 1997.eko neguan, Manaslura igotzen saiatu zen, anaiarekin eta Josu Bereziartuarekin batera; baina ezin izan zuten. Bi esperientziok lagungarriak izango direlakoan dago Alberto.
Kanpaleku nagusian beste bi lagun izango dituzte Iñurrategik eta Belokik: Gotzon Arribas, ETBko kameralaria, eta bertako sukaldaria.
Igoeraren irudiekin "Oinak Izarretan" ETBko dokumental saileko bi atal osatuko dira, baina ez dira osagai bakarrak izango. Mendiko parajeekin batera, Tibeten berri emango dute, bidean jasoko dituzten irudien bidez. Lasa Tibeteko hiriburutik pasatuko dira, eta bertako giro, jende eta ohiturak erakutsiko dituzte.


No hay comentarios: